2008/03/13

Lea Artibaiko eskuorria




2008/03/06

I. HITZA EGUNA

>AULESTIA, 2007ko EKAINAREN 17a

Oso egun berezia ospatu zen gure eskualdean ekainaren 17an. Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzaren eguna. Eskualde eta Mutrikuko euskarazko egunkaria, hemen gertatzen denaren berri ematen diguna, arlo guztietan: politika, ekonomia, kultura, kirola, gizartea, udalen informazioa... Elkarren berri izatea ahalbidetzen diguna, herritarron nahi eta iritziei lekua ematen diguna, kohesioa ematen diguna... Eta hau guztiau EUSKARAZ. Ez da egunkari soil bat, herritar askok gurea balitz bezala ikusten baitugu. Euskaraz irakurtzeko ohitura ez daukanak ere, HITZA irakurtzen du. Harpidedunak ez direnek ere irakurtzen dute!

Horregatik herritar guztiok parte hartu zuten HITZA egunean, elkarlanean. Ekitaldiak antolatzen, txosnetan lan egiten, bazkari herrikoi erraldoia prestatzen, herria atontzen... Dena helburu batekin: HITZAri laguntzea.

Berbalagunekoak ere han izan ginen; jarraian ikus daiteke zelan pasatu genuen. Ez dago gehiagorik esateko: hitz gutxiago beraz, eta HITZA gehiago!




















KORRIKA 15 Lea-Artibain

Korrika 15 gure eskualdetik pasatu zen martxoaren 25ean, igande baten. Nahiz eta hotza eta euria egin, milaka lea-artibaitarrak errepideetara atera ziren, korrika eginez euskarari bultzada emateko. Hala ibili ziren aldapatik gora eta behera, Ondarroan lehendabizi, gero Markina-Xemein; Aulestirako bidean, Santa Eufemia mendatea zeharkatuz; Gizaburuaga, Amoroto, eta azkenean Lekeitiotik agurtu zuen Korrikak Lea- Artibai eskualdea.
Berbalagunak ere han egon ziren, eta lekukoa hartzeko aukera ere izan zuten: Ondarroan eta Markinan, euskaldun zahar zein berriek Korrikari ekin zioten, egunero euskarari ekiten dioten modura: ilusioz eta gogoz, hemengo zein urrunetik etorritako euskaldunak. Amurizatarren mezuak esan zuen bezala, EUSKALDUNAK GARA, EZ EUSKAL HERRIAN BIZI GARELAKO, EUSKARAZ BIZI GARELAKO BAIZIK.
Euskara bizi da, biziko da, eta hemen agertzen dira euskarak bizirauteko lan gogorra egiten ari direnak. Animo! Korrika bi urtean behin pasatzen bada ere, egunero HELDU behar diogu euskarari.

2007ko martxoa





Markina-Xemeinen, Korrika heldu baino lehen, barre batzuk botatzen.

Zertan ibiliko dira hain kontzentratuta?


Aaaaaaa...! Ariketei errepasoa ematen ari dira! ????

Denok familiako erretraturako wapo wapo ipinita.



HELDU!!!!



Bagoaz Markinan zehar, noraino helduko ote gara?



Lekeitio. Euskararen kale erabileraren neurketa

Soziolinguistika Klusterrak 2006ko urrian burutu zuen euskararen erabileraren neurketa. Aurreko neurketa 2001ekoa da. 2007ko Otsailaren 22an egin zen aurkezpena, Kultur Etxeko Azkue aretoan. Hemen jasotako datu esanguratsuenak agertuko dira soilik. Edozein galdera edo kezka baldin badaukazue, ipini zaitezte gurekin harremanetan. Udaletxean ere neurketaren emaitzak jaso ditzakezue.
Neurketa honetan jasotakoaren arabera, Lekeition euskararen kale erabilera %63,6 da (kalean neurtu diren 100 elkarrizketetatik, 64 euskaraz izan dira eta gainerakoak erderaz).

2007ko otsaila


Lehen bi grafiko hauetan, ikusten den bezala, Lekeition euskararen erabilera pixkanaka-pixkanaka jaisten doa.

Adin taldeei dagokionez, euskara gehien erabiltzen dutenak haurrak dira. Helduak, aldiz, gutxien erabiltzen dutenak dira. Eta adin-talde guztietan jaitsiera ikus daiteke.




Haurrak aurrean direla, erabilera igotzen da. Orduan, zergatik ez eurak ez daudenean? Aspaldi esaten zen esaera "Txakurrari eta umeei bakarrik" egia ote?

Hemen ikus daiteke Lekeition dagoen euskararen ezagutza. Oso altua, Euskal Herriko altuenetarikoa.

Euskararen ezagutza kontuan harturik, erabilera oso altua ere espero liteke. Baina errealitateak beste gauza bat erakusten digu




Azken bi grafiko hauetan, eskualdeko zein kanpoko herriekin konparaketa egiten da. Datuak hemen daude, eta nahiko esanguratsuak dira. Halere, datu hotzez aparte, galdera zera da: ZERGATIK? Eta batez ere, ZER EGIN DEZAKEGU HONEN AURREAN? Ba al daude arrazoiak arduratzeko?

2007. urtean, egin zaitez Berbalaguna!



Berbalagun egitasmoa iazko maiatzean hasi zen martxan gure eskualdean. Jarraian ikusi daitezke orain arte egindakoaren adibideak. Badaude eskualdeko zenbait biztanlek dagoeneko izena eman dutena egitasmoan: euskaldun zaharrak, euskara erabiltzera ohitu nahi diren euskara ikasleak zein euskararekin lehen kontaktua soilik izan dutenak. Denontzako baita Berbalagun egitasmoa.
Lortu nahi diren helburuak, partaideen arabera izango dira beraz: euskaldun berrientzako, euskara erabiltzera ohitzea eta hitz-jarioa areagotzea; oraindik inolako ezagutza daukatenentzat, euskararekiko lehen kontaktua erraztea eta ikaste prozesuan murgiltzea, euskara klaseak eta erabilera uztartuz; eta euskaldun zaharrentzako, gure hizkuntzaren aldeko hartu beharreko konpromisoaz ohartzea, eta honen bidetik, euskara ikasi nahi dutenei laguntzea.
Parte hartzea oso sinplea da: izena eman eta guk kide edo taldea topatuko dizkizugu. Denok daukagu zer eman eta zer jaso. Berbalagunaren bidez bi pertsona (edo gehiago) ezezagun euskaraz hitz egiten hasten dira, baina horrez gain, bestelako mundu bat ezagutzeko aukera sortzen da, euskaldun berri zein zaharrentzako.
Anima zaitezte euskararen bidez mundua ezagutzera!
2007

Hizkuntzak zubi direnean

Wolof ikastaroa martxan dago. Honen berri emateko, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak artikulua argitaratu zuen, jarraian agertzen dena, ondo baino hobeto azaltzen baitu nola doan ikastaroa eta zeintzuk diren partaideen iritziak.

" Geure artekoak dira. Berton bizi dira, berton egiten dute beharra. Noraino ezagutzen ditugu, baina, Lea-Artibai zein Mutrikura azken urteotan etorri diren afrikarrak, latinoamerikarrak, Ekialdeko Europako herritarrak? Egunerokotasunean elkarrekin bizi garen arren, kultura eta hizkuntza desberdinak edukitzeak sarritan amildegia zulatzen du biztanle berri eta zaharren artean. Hizkuntzak, ostera, pertsonen arteko zubiak eraikitzako jaio ziren. Horrela ulertu dute Berbalaguna egitasmoan zein wolof ikastaroan eragile, ikasle edo irakasle diren pertsonek.
Zapatu goizero hitzordua daukate Ondarroako AEK euskaltegian Senegaleko hizkuntza nagusia -wolof- ikasten dihardutenek. Ismail Fall dute irakasle. "Luxua da horrelako irakaslea edukitzea, formazio handikoa, eta erakusten atsegina", diote ikasleek. Orain arte bost lagun- guztiak emakumeak- batzen idira wolofaren doinuak deszifratzeko saioetan. Eta esateko daukate ateak zabalik daudela izena emateko; "esperientzia guztiz aberasgarria da, asko daukagulako gure herrikide afrikarrei erakusteko, eta baita haiengandik ikasteko ere".
Wolof ikastaroaren ideia Berbalaguna egitasmoan ibili izan direnengandik jaio zen. Tartekoa da Nahia Guenaga: "12 bat lagun batu izan gara zapatu eguerdietan euskara ikasi nahi duten etorkinekin egoteko; han bururatu zitzaigun bertokoentzako ere interesgarria izango litzatekeela Senegaleko hizkuntzaren bidez haien kultura hobeto ezagutzea". Data gaitzetan hasi ziren wolof ikastaroagaz, uztailean, eta udan ez da erraza izan talde zabala eratzea. Badute itxaropena ikasturte berriaren hasieragaz jende gehiago animatzeko.

Senegalera joateko, norbera aberasteko, ikastearren...

Senegalera doa Mariama Torienzo mutrikuarra abenduan. Motibazio praktikoa eduki du, beraz, ikastaroan izena emateko. "Bertara joanda Bertako hizkuntza nahi dut erabili, behintzat oinarrizko elkarrizketetan".
Berbalagun egitasmoan dabilen lagun batek esanda animatu zen Aitziber Goienetxea lekeitiarra. "Bera wolofean profesionala da!" esan dio Ismail Fall irakasleak, irribarrez. Bakarra da klaseaz aparte aukera daukan senegaldarrekin hizkuntza praktikatzeko aste barruan.
Mari Kruz Lekunberri ondarrutarrak ere Berbalagun egitasmoan parte hartuta egin du woloferako bidea. "Nik pentsatzen dut hurreratze bat egon behar dela, baina zentzu bietan; uste dut hau ez dela izan behar integrazio hutsa- eurak geurera sartu-, elkar aberaste bat baino".
Lekunberrik beste hausnarketa interesgarri bat ere gehitu du, holako ekimen baten balioa azpimarratzeko: "Inmigranteen egoera soziala, hain larri dena, guk ezin dugu konpondu; baina sikieran harreman pertsonalen bitartez adierazi ahal diegu eurei geuretarrak somatzen ditugula, eta berdinak garela, nahiz itxurak ezberdinak izan".
"Herriko bizitzan parte hartu nahi dugu, eta horretarako euskara- gutxi edo asko- ikasi egin behar dugu. Era berean, gure kultura ere bertokoek ezagutzea nahi genuke; hizkuntzak dira horretarako zubi", azaldu du Ismail Fallek.
Aditzen iraganaldiak lantzen jarraitu dute, irakasleak arbelean idatzitako apunteak jasotzen. Etorkizuna elkarren arteko ulermen eta errespetuaren letra handiekin marraztu nahi lukete."
Maribi Ugarteburu- Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

EUSKARA ALARMA GORRIAN!

EUSKALDUN ZAHARRAK BEHAR DITUGU!
Eman 11 ordu euskarari!!!




"EZ DEZATELA ONDORENGOAK EUSKARA GUGATIK GALDU ZALA, EUSKALERRIAN ESATEKO BIDERIK IZAN " (Barandiarango Joxe Migel).
Jakingo duzuen moduan, berbalagun egitasmoa martxan hasi zen orain dela hiru-lau hilabete. Berbataldeak martxan jarri ziren eta orain arte oso esperientzia polita eduki dute. Kontua da, berbataldeak irailean berriro hasiko direla martxan eta EUSKALDUN ZAHARREN premia dagoela talde hoietan parte hartzeko!
Euskaldun zaharra bazara, eta euskarari ordu batzuk eskaini nahi badizkiozu, egin zaitez BERBALAGUNA. Eskatzen den gauza bakarra, astean ordu bat dedikatzea da, berbataldeetako 11 ordutan parte hartzea nahiko delarik.
Berbalagunaren inguruan informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, web orrialde honetan behar duzun guztia aurkituko duzu, bestela deitu ezazue Ondarroa, Lekeitio, Markina-Xemein, Berriatua eta Etxebarriako udaletxeetara, edo bestela, Lekeitio eta Ondarroako AEK-ko euskaltegietako telefono hauetara:
Lekeitioko AEK: 946842869
Ondarroako AEK:946134021
2006ko iraila

Ondarroako Zapato Azule

Uztailaren 1en, zapatua, ondarrutarrek Zapatu Azule ospatu zuten. Han izan ginen, jaia ezagutzeko prest. Pilo bat jende batu ginen eta ondarrutar eta kanpotarren artean ibili ginen. Ez genituen kamisetak erosi, agian hurrengoan.... (Kamiseten azoka egoten da, ikusgarria)

2006ko uztaila

Ondarruko Zubi Zaharrean barre batzuk egiten

Markina-Xemeingo Berbalagun taldea

Markina-Xemeinen ere, Berbatalde bat sortu da. Momentuz oso handia ez bada be, lehendabiziko saioa egin zuen joan zen uztailaren 28an. Uda sasoia eta giro ona aprobetxatuz, Lekeition izan ginen, herria ezagutzen (nahiz eta Markinan bizi, batzuk ez baitzuten ezagutzen), eta gero Lea Ibilbidetik osteratxoa egin genuen, Lekeitiotik Oletaraino hain zuzen. Talde txikia izanda, denek izan zuten elkar ezagutzeko eta euskaraz hitz egiteko aukera.
Abuztuan geldirik egon gara, oporrak zirela-eta. Baina irailean bueltan gatoz, berriro ere Berbalagun egitasmoari ekiteko, eskualdeko euskaldun sarea osatu eta sendotzeko asmoz.

2006ko uztaila


Ibilbidea hasi baino lehen, Lekittotik bueltatxu bat, "beraneantien" modura.

Atzean Garraitzeko irla (eta ez San Nikolas!)


Marea-Errotako paduretan, Lumentza mendia atzean daukagula.


Mendexako Ospitale zaharren aurrean. Atzean ikusten dira Antzar Jaian erabiltzen diren potiñak. (Datorren urtean Berbalagunak aterako al du berea?)

Hau be gurekin etorri zen, ez zituen berba gehiegirik bota, baina primeran pasatu zuen.


Eeeeee! Itxaron! Hainbeste berba ta berba atzean utzi nauzueeeeee!!!




























Wolof ikastaroa hastera doa

Uztailaren 22an, zapatua, Wolof ikastaroa hasiko da Ondarroako AEK Euskaltegian. Berbalagun egitasmoaren helburuen artean kultur trukaketa eta elkar ezagutzea daudenez, Berbakide batzuek ikastaro hau antolatzea pentsatu zuten. Wolof Senegaleko hizkuntzetariko bat da, biztanle gehienek erabiltzen dutena, nahiz eta ez izan Senegaleko hizkuntza bakarra. (Senegaleko hizkuntza ofiziala frantsesa da, baina wolof, serer eta fulani dialektoak ia herrialde osoan ulertzen dira).
Beraz, wolof ikasi eta euskara irakatsi nahi baduzu, badakizu nora jo. Esperientzia polita izan daiteke ezta? Izena emateko, Ondarroako AEK Woloftegian!!!

2006ko uztaila





2008/03/05

Burrundada: Perkusio egunean izan ginen

Ekainaren 24an Lekeitioko Perkusio Egunean izan ginen (Gazte Bulegoak antolatuta), Ondarroako Berbalagunen taldearekin. Egun aparta izan zen oraingoan ere, yembeak, edozein tamainako danborrak, txalaparta, dantza... Goizean taldeak Lekeition zehar ibili ziren eta gu Markinako senegaldarren talde batekin batu ginen.
Bazkal orduan Hotel Beitian egon ginen eta han aukera izan genuen euskaraz hitz egiteko eta jende berria ezagutzeko.
Arratsaldean, danborra jotzeari ekin genion berriz ere. Giroa nahiko berotuta zegoen eta batek baino gehiago dantzan hasi zen. Nahiz eta eguraldia kaskartu eta euri zaparrada hasi, nori inporta? Kultur etxeko baxuetan sartu eta jo ta jo, dantza ta dantza, eskuak eta oinak apurtu arte.

2006ko ekaina


Lekeitiora helduta. Nora jun bir dou ba?


Gure Berbalaguneko mutilak infiltratuta musikarien artean

Hotel Beitian euskarari ekiten



Gure taldekideek erritmoa hartzen



Bazkaria bajatzeko modurik onena... DANTZAN!




Eneeeeeeeeeeeeee! Neskak solta jakuz!


Markinako Mory. Honek euskarazko klaseak ematen ditu.... SENEGALEN!











Ondarruko Berbataldearen ekintzak

Berbalagun egitasmoak aurrera jarraitzen du, Ondarroako taldea zapatuero batzen da, eta oraingoan txalaparta jotzeari ekin diote. Oinarrizko azalpenak jaso eta jarraian, jotzera! Yembe joleak ere egon ziren tartean, beraz erritmoa zen nagusi. Hurrengorako instrumento biak uztartuz agian kontzertu bat eman? Auskalo! Ttakun ttakun euskaraz jardun
2006-06-28