2010/01/31

Sariaren parte


Ondarruko Berbalagun egitasmoan senegaldarrek daukaten pisuaren gainean galdera batzuk egin zizkidan unibertsitaterako lan bat prestatzen dabilen magisteritzako ikasle batek duela pare bat aste. Egia esan, Lea-Artibaiko Berbalagun egitasmoa sortu zenean, hainbat senegaldarrek hartu zuten parte hasieretako ekimenetan. Gerora parte hartzea txikituz joan da, eta egun, senegaldarrak eta Berbalagunen arteko lotura ez da handi-handia. Hala eta ere, harremana badago, eta horren lekuko, abantean dagoen talde batean senegaldar bat euskaldun zahar batekin batzen da ia-ia astero.
Iaz Espainiako Narratiba Saria irabazi zuen liburua eskuan hartuta (Bilbao-New York-Bilbao, Kirmen Uribe), eta eskerren atalari errepasoa egiten, hara non aurkitu ditudan Dudu Thiam, Mamadou Bakhoum, Ismaila Senghor eta Mouhamed Dieng senegaldar Berbalagunen izenak. Izan ere, Uribe liburua idazten zebilela laguntza eskatu zien Ondarroako Berbalagun egitasmoko senegaldar eta koordinatzaileari. Asmoa, senegaldarrek itsasoarekin daukaten loturaren berri edukitzea. Azkenean, hitzordua egin, eta bertan berba egindakoak lekutxoa izan zuen liburuan. Berbalagun-Senegal-Uribe lotura sortu zen horrela. Berbalagunok ere sariaren parte bihurtu ginen horrela.
Liburua irakurri ez duenarentzako ariketa planteatzen dugu Ondarruko Berbalagunok. Nobelako zein orrialdetan aurkitu daiteke senegaldarrek Uriberi emandako informazioa? Animatu, liburuak merezi du eta.

0 iruzkin: